Krisi ekologikoaren inguruko jardunaldi politikoak egin ditu EHKSk Gasteizen, krisi ekologikoa ezaugarritzeko eta haren aurrean dauden posizio politiko ezberdinak aztertzeko. Egun osoko jardunaldia izan da, hiru solasaldiz osatutakoa.
Kapitalismoaren garapena eta ekosistemen suntsipena solasaldiak ireki du hitzordua. Bertan, ikuspegi historiko batetik kapitalismoaren garapenak hainbat ekosistematan izan duen eragina aztertu da. Era berean, ekosistema batzuen gaur egungo egoera izan da hizpide.
Trantsizio ekologikoaren geopolitika izeneko hitzaldian, berriz, Europan martxan diren trantsizio ekologikorako planak aztertu eta Europar Batasunak bizi duen krisi ekonomikoaren aterabide gisa seinalatu da, Europar Batasunaren plan ekonomikoek ekosistemen suntsipenean eta langile klasearen pobretzean duten eragina azalduta.
Jardunaldiei itxiera emateko solasaldian burgesiaren agenda berdearen kritika egin da, ikuspegi sozialistatik. Hain justu, burgesiak auzi ekologikoari dagokionez mahaira ateratako proposamenak aztertu nahiz aletu dira, Green New Deal deiturikotik hasi, oligarkiaren trantsizio ekologikorako planetatik igaro eta auzi ekologikoa ukatzen duten eskuin muturreko adierazpenetaraino. Modu horretan, argitu nahi izan da planetak bizi duen krisi ekologikoaren soluzioa ez dela instituzio kapitalisten eta enpresen eskutik etorriko.
Planetak bizi duen krisi ekologikoari zein burgesiaren plan estrategikoei, sozialismoaren eraikuntzarako perspektiba kontrajarri behar zaio, eta ikuspegi horri helduko dio EHKSk.


